Aurreko Kongresuan zabaldutako bideari jarraituz, euskaldun eta euskaltzaleen gizarte mugimenduak indartzeko apustuari eutsi diote oraingoan ere Topaguneko kideek eta horrela, euskaldunon komunitatea plazara ateratzeko beharra azpimarratu dute, elkarte bizitza herrira ateratzeko beharra.
Azaroaren 17an, gogoeta prozesuaren bukaera baliatu nahi du Topaguneak, halaber, azken hiru urteotako gogoetak gizarteratzeko, eta bazkideekin erabakiak hartzeaz gain, euskalgintzako eta gizarteko beste eragile batzuekin gogoetaren ondorioak konpartitzeko baliatuko du mugimenduak Euskalduna Jauregiko ekitaldia.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskaldunon hizkuntza komunitatea indartzea da, euskararen erabilera sustatuz eta motibazioan eraginez. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.