Bestalde, abenduaren 3rako, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Getxon Berbodromoa antolatuko du Egizuk. Iaz izan zen lehen Berbodromoa. Baina zer da Berbodromoa? Zer ari gara Getxoko hiru euskaltegiak eta Bizarra Lepoan euskara-elkartea antolatzen euskararen egunaren harira? Euskaldunok euskaraz elkartzeko gunea izan nahi du Berbodromoak, euskara kalera ateratzea, euskararen erabilera indartzea eta indar-erakustaldia egitea dira Berbodromoaren helburuak, jendea Berbodromoan euskaraz berbetan jarrita.
Goizez saio bi eta arrastian beste bi egingo dira: 9:00etan, 11:00etan, 17:00etan eta 19:00etan. Laurak Fadurako erretegi zaharrean, Algortan, ordubetez, “word cafe” metodologiaren bidez (bostkoteetan ipinita) hiru gai hauen inguruan berba egiteko:
- Haurtzaroko oroitzapenak.
- Kontsumismoa.
- Teknologia berriak.
Sarrerak eskura
Larunbat honetan, azaroak 17, Areetako Andrés Isasi musika eskolan "Paradizuaz" ikuskizuna izango da, 20:00etan, Bernardo Atxagaren eta Jabier Muguruzaren eskutik. Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak 10 gonbidapen ditu berbalagunen artean banatzeko. Eta horretaz gain, taldetxoa elkartuz gero, sarrerak prezio erdian, 5 euro. Eskatu ahala banatuko dituzte gonbidapenak.
Bestalde, Udagoieneko Osterak antolatuta, azaroaren 24an Ruper Ordorika izango da Kultur Leioan, 21:00etan. "Hodeien azpian" azken diska aurkeztuko du bertan eta Egizun bi sarrera dituzte zozketatzeko berbalagunen artean. Izena emateko izen-abizenak eta telefono zenbakia bidali beharko dira egizugetxo[abildua]gmail.com helbidera. Sarrerak bihar zozketatuko dituzte.
Urtero bezala martxan ditu berriro ikasturtea eta berbalagun-taldeak