"UK" aldizkaria eraldatzeko batzarra egingo dute arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 15a, 14:09

"Bizarra Lepoan" izenpean argitaratutako aleak kontatuz gero, 18 urte betetzear ditu egun eskualdeko "UK" aldizkariak. Erredakzio taldeak gogoratu duenez, "urte hauetan danetan, 'UK'-k hainbat eta hainbat arlotan aldaketa, egokitzapen, zahar­barritze, zabaltze zein murrizketa izan ditu". Azken murrizketa, orain aste bat heldu zen, hamaboskarian bertan iragarri zutenean 20 euroko harpidetza kuota ordaintzen ez duten harpidedunei ez dizkietela jada aleak etxeko postontziraino eramango. Izan ere, euskalgintza betidanik krisian izan bada, are gehiago pairatzen ari da egungo krisi sasoia. Eta zer esanik ez, paperezko komunikabideen krisia estu hartu ditu ere euskal komunikabideak, "UK" tarteko. Baina, krisiaz eta murrizketez aparte, askoz kontu gehiago izango dituzte eztabaidagai gaur arratsaldeko 7etan, Algortako Martikoena kaleko 16 zenbakian egingo duten batzarrean. Bertan, aldaketa garaia ere izango da hizpide: teknologia berriak, irakurtzeko ohitura aldaketak, informazioa jaso eta emateko bide berriak, parte-hartzea zabaltzeko tresnak eta aldaketa guzti horiek zelan baliatu "UK" indartzeko. Finean, “Zelako 'UK' gura dugu?” galderari erantzutea proposatzen dute erredakzio kideek. Argazkian, egungo eta antzinako "UK"-ko langile eta kolaboratzaile batzuk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun