Izena badauka Urdulizko ospitaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 15a, 18:37

Jose Antonio Agirre buru zuen lehenengo Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburua zenaren omenez, "Alfredo Espinosa ospitalea" irakur daitekeen plaka agerian utzi du, gaur goizean, Urdulizen, Patxi Lopez EAEko jarduneko lehendakariak. Marusas auzoan eraikitzen ari diren erietxean egindako ekitaldian aipatu doktorearen senideek, Idoia Mendia eta Rafael Bengoa sailburuek eta Javier Bilbao alkate urduliztarrak ere parte hartu dute. Besteak beste, "behartsuen ezizenarekin ezaguna zen" Espinosaren lana goraipatu du Lopezek. Gaineratu duenez, "haurrak, errefuxiatuak, presoak... osatzen ahalegindu zen, bidegabeko gerra krudel horren erdian". Bestalde, jarduneko lehendakariaren aburuz, Urdulizko ospitalearen eraikuntza lanek "argiro" erakusten dute PSE-EEren Gobernuak defendatu duena: "ez dugu inolako zerbitzu publikorik murriztu, ezta inondik inora pribatizatu ere. Gorputz eta arimaz defendatu ditugu. Mantendu ez ezik, hobetu ere egin ditugu", adierazi du Lopezek. "Alderatzeko, beste komunitate autonomo batzuetan egiten ari denari erreparatzeko" eskatu du. Argazkian, Espinosaren senideak eta agintariak gaurko ekitaldian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.

Alfredo Espinosa Orivek Medikuntza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitatean, non Alfonso XIII. eta Miguel Primo de Rivera Erregimenen aurkako ikasle-taldeetan parte hartu zuen. 1926an ikasketak bukatu zituenean, Bilbora itzuli eta erradiologia saileko nagusi izendatu zioten Basurtuko Ospitalean. 1931ko apirilaren 12an zinegotzi hautatua, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta berehala, Bizkaiko Foru Aldundiko Biltzar Kudeatzaileko kide bihurtu zen. Gero Burgos eta Logroñoko Gobernadore Zibila izango zen. 1934an Unión Republicana sortu zenean, Bizkaiko presidente bihurtu zen eta Gerra Zibila hasi ondoren, Bizkaiko Defentsa Biltzarraren Komunikazio Delegatu izendatu zioten 1936ko abuztuan eta gero Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu.

1937ko ekainean fusilatu zuten

Bere agintaldian (1936ko urritik 1937ko ekainera) Euskal Autonomia Erkidegoko Gurutze Gorriaz, baserri-higienez, laguntza sozialaz eta Bilboko Unibertsitatean Medikuntza Fakultatea sortzeaz arduratu zituen. Errepresio arbitrarioa saihesteari ere ekin zion.

1937ko ekainean, hegazkinez Frantziako Tolosatik Santanderrera bidaiatzen hasi zela, Eusko Gudarostearekin biltzeko, abioia Zarauzko hondartzan lurrartu zuen, pilotuaren saldukeriagatik. Frankistek atxilotu eta Gasteizko kartzelara eraman zuten. Epaitua herioz-zigorra jaso zuen "altxamenduarekin bat egiteagatik". 1937ko ekainaren 24an erail zuten, atxilotu eta bi egun geroago.

Gaurko ekitaldiko argazkiak (cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun