Patxi Lopez EAEko jarduneko lehendakaria Urdulizko Marusas auzoraino gerturatu zen atzo, bertan eraikitzen ari diren
ospitalearen izena daraman plaka jartzeko asmoz. Hori dela eta,
ELA sindikatuak elkarretaratzea egin zuen bertan, "bertako beharginen lan baldintzak duinak eta etorkizuneko ospitaleko zerbitzuak publikoak eta doakoak izatea" exijitzeko. Langileen erakundeak adierazi duenez, "urteak dira Urdulizen ospitalea egiteko lanak hasi zituztenetik. ELAk behin baino gehiagotan lan ikuskaritzan salaketa jarri du lanetan Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmena aplikatzen ez zelako, baina Eusko Jaurlaritzak ez du inolako neurririk hartu. Eraikuntzan ,erakunde publikoen hobespenarekin, azpikontratazioa eta prekarietatea nagusi dira eta horren ondorio izaten dira hainbat lan istripu". Atzo horixe bera salatu nahi izan zuten. Bestalde, Lopezek parte hartutako ekitaldia amaitutakoan, Ertzaintzak mutil bat "zentzugabe" identifikatu zuela salatu du ELAk; eta hori "adierazpen askatasunaren aurkako ekintzatzat" jo du. Argazkian, ELAren protesta Urdulizko ospitalearen aurrean / cc-by Eskumaldeko ELA.