Sopelako Udalak ez-ohiko udal bilkura egin zuen atzo, azaroak 15, eta besteak beste, udaletxearen kanpoalde eta barrualdean Espainiako banderaren ezarpenaren inguruko mozio bat eztabaidatu zen. Proposamena Sopelako Udaleko 42 zinegotzi eta zinegotzi ohik aurkeztu zuten, eta Udal Gobernuak (Bildu) bere egin zuen udal bilkuran aurkezteko. Aipatutako testuak honakoa salatu nahi zuen: “Espainiako Gobernu ordezkaritzak lehenengo, eta Espainiako epaitegiek geroago, lege-aginduak helarazi dizkiote Udalari Espainiako bandera Sopelako udaletxean ezar dadin, Sopelako legezko ordezkarien aurka erabateko gaitasungabetze eta epai eta polizial jazarpenaren mehatxupean”. Era berean, zinegotzi eta zinegotzi talde horrek larunbat honetarako 13:00etan udaletxe plazan “inposizio” hori salatzeko ekitaldia antolatu du, eta mozioaren bidez Udalak ekitaldi horrekin bat egitea eskatu nahi zuten.
Haatik, mozioak Bilduko zazpi ordezkarien aldeko botoa lortu zuen, eta EAJko zazpi zinegotziek, PSE-EEko zinegotzi biek eta PPko zinegotzi bakarrak kontra bozkatu zuten. Hau da, bozketaren emaitza aldeko zazpi boto eta kontrako hamar boto izan zen, eta beraz, mozioa ez zen onartu.
Udal batzar aretotik irtetean, Ertzaintzaren bi patruila auto eta patrol bar zain zituzten osoko bilkurara hurbildutakoek. Hala ere, ez zen gorabeherarik egon. Ikurrinak eskuan, "Independentzia!" ohi eta irrintzi artean agurtu zuten atzoko eguna.
Hainbat data
2011ko uztailaren 8an, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan orduan zuen ordezkariaren notifikazioa jaso zuen Sopelako Udalak, tokiko erakundea Banderen Legea betetzera premiatuz.
EFE albiste agentziaren arabera, argazkiez lagunduta, "norbanako" baten idatzia jaso zuen Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, oraindik banderarik ez zela esanez. Hilabeteko epea eman zioten Sopelako Udalari Espainiako bandera barrualdean zein kanpoan jartzeko.
Epe hori igarota, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea agindu zion Estatuko Abokatutzak Bizkaian duen ordezkariari Cabiecesek. Aipatu errekurtsoa 2011ko irailaren 19an heldu zitzaion Sopelako Udalari.
2012ko otsailaren 27an epaiketa izan zen. Sopelako Udalak adierazi zuen inolako banderarik ez zegoela jarrita udaletxean eta Udalbatzak ez zeukala onartuta Espainiako bandera jartzea.
2012ko uztailaren 30ean atera zen sententzia Sopelako Udala bandera jartzera behartuz.
Atzo, azaroak 15, jarri zuten bandera, epaileak emandako epemuga bete ostean.