Josu Landaluze PNVko bozeramaileak euren jarrera justifikatzen saiatu zen, gaiaren inguruko informazioa orain dela astebete bakarrik jaso zutela esanez. Leire Pinedo Bilduko bozeramaileak Landaluzek esandakoa gezurtatu zuen, Bilduko ordezkariek PNVri biltzeko hainbat eskaera egin dizkietelako azken hilabeteotan, inposaketa honen aurrean batera erantzuteko asmoz, ezberdintasunen gainetik.
Ekainean, esaterako, Bilduk PNVko bozeramaileari gai honen inguruko bilera bat antolatzea proposatu zion; baina proposamen horrek ez zuen erantzunik jaso. Irailean, Bilduk berriro ere PNVri bilera bat egitea proposatu zion, urriaren 4rako. Baina PNVk hauteskunde autonomikoak pasa arte bilerarik ez egitea erantzun zuen. Bilera beraz, hauteskundeen ostean egin behar izan zen.
PNVk, beraz, beste bide bat jarraitzea erabaki du. Sopeloztar gehienen borondatea errespetatzen ez dutenekin bat egitea nahiago izan du. Helburu bakar batekin: edozein aitzakia baliatu Bildu higatzeko eta gure ekimen guztiak oztopatzeko, horretarako euren oinarri sozialak eta herriko gehiengoak sentitzen duenaren kontra egin behar badute ere. Azken erabaki hau PNVren beste arduragabetasun bat baino ez da; jarrera eraikitzailea izan beharrean, Udal Gobernuak aurkezten dituen ekimen guztiak boikoteatzea da euren asmo bakarra.
Onartu ez zen mozioak beste helburu bat ere bazuen: Udalak bihar azaroak 17, 13:00etan udaletxe plazan ospatuko den ekitaldiarekin bat egitea, inposaketa salatzeko asmoz. Ekitaldia zinegotzi eta zinegotzi ohien taldeak antolatuko du, baina PNVren botoei esker, Udalak ezin izango du ekitaldiaren deialdi ofizialik egin, eta ezin izango du modu ofizialean bertan parte hartu. Edozelan ere, Sopelako Bilduk herritar guztiak animatu nahi ditu biharko ekitaldian parte hartzera: hitzordua 13:00etan izango da, Udaletxe plazan, “Ez garaitu, ez konbentzitu. Inposizioa besterik ez” lelopean.
Espainiako epaitegien eta PNV-PSE-PP hirukoteak osatzen duen Bilduren kontrako fronteen gainetik, Sopelako Bilduk argi eta garbi adierazi nahi du ez dugula inolako probokaziorik onartuko eta lanean jarraituko dugula, sopeloztarrekin hartu ditugun konpromisoekin aurrera eginez. Aurrera beti!
Sopelako Bildu