Kale Dor Kayiko elkartearen laguntzagaz antolatu dute “askorentzat ikusezin bezain urrunekoa” den kultura hori ezagutarazteko, Durangoko Azokako egitaraua. Euskal Herritar guztiak gonbidatu ditu "zelakoan garen ikustera, elkar ezagutu eta errespetatzera". Euskal Herrira heldutako ijitoen hizkuntzari, euskara eta erromanieraren elkartzetik sorturiko "erromintxelari", buruzko hainbat berbaldi eta mahai inguru izango dira aukeran.
Ijitoen kultura ezagutzeko, haurrentzako tailerrak, ipuin kontaketa saioak eta jokoak ere antolatu dituzte. Azokako gune guztietan edukiko du ijitoen kulturak isla. Aiert Goenaga azokaren zuzendariak azaldu duenez, gainera, besteak beste, flamenkoa, txalaparta eta bertsoak uztartuko dituen ikuskizuna prestatzen dabiltza. Abenduaren 7an eskainiko dute, Plateruenean.
Elkarlana ardatz
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean: “Aurreko urteetan bezala, elkarlana ardatza izan da egitaraua antolatzeko, eta guneak kudeatzeko”, esan zuen Nerea Mujikak.
Durangoko Azokaren izaera irekia eta parte-hartzailea erakusten duten ekimenak “finkatu eta indartzea” dute antolatzaileek aurten helburu, eta horren adibide da diziplina berriei leku egiteko iaz sorturiko Irudienea, Szenatokia, eota K@bia guneak egonkortuko direla, aurten.
Aurreratu dutenez, 88 emanaldi izango dira aurten Ahotsenea gunean, eta egitarau oparoa antolatu dute Berbaro elkarteak kudeatzen duen Saguganbara haurrentzako txokoan ere.
Plateruena kafe antzokiko emanaldiak Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren parte izango dira, aurten. Aurkezpenean esan
Datorren astean emango dute egitarauaren berri zehatza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.