Álvaro González Getxoko Udalaren Kirol zinegotziak, joan den ostiralean txapelketaren aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez, “Getxoko gazteek gehien egiten duten kiroletakoa da surfa eta gure udalerria Europako surflari onenetako batzuen sorlekua da. Eta Getxon, gainera, zorionekoak gara kirol hori praktikatzeko leku apartak ditugulako, anfiteatro naturalak, Gorrondatxe-Azkorri eta Barinatxe hondartzak edo Galeako lurmuturra bezalakoak. Leku ederra azken hori, non itsasoak, noizean behin, bere indar guztia erakusten duen, Europako olatu handienetakoa eta luzeenetakoa sortuz, surf zaleentzat errefusatu ezinezkoa dena”. Zinegotzi getxoztarrak gehitu zuenez, udal Kirol Arlokoak lanean ari dira turismo eta kirol baliabide guztiak udalerrian erreferentziazkoak izango diren gertaera eta ekitaldiak ezartzeko, “kirola udalerriarentzat erakartze eta aberastasun puntua izan daitekeela uste baitugu”.
Bere aldetik, Borja del Saz Getxo Surf Taldeko presidenteak azpimarratu zuen probak nazioartean gero eta oihartzun handiagoa duela: “Gure asmoa da Big Wave World Tour delakoaren barruko proba izatea Getxokoa, horri esker gero eta kanpoko surflari gehiago etorriko delako, txapelketari ospe handiagoa emanez”.
Itsaslabarretik bertatik
Proba egingo den egunean, surflariak Punta Galeako itsaslabarretik edo itsasontzietatik sartuko dira uretan. Antolaketakoek bi erreskate-motorrak eta Gurutze Gorriko ontzi bat ipiniko dituzte itsasoan. Jendeak itsaslabarretik bertatik ikusi ahal izango du proba. Leku itzela da, lehorretik edo itsasoan ontzietatik jende-mordoari probako eszenatoki osoa ikustea ahalbidetzen diona.
Behin txapelketa deituta, lehiaketako zuzendariak hartuko du azken erabakia, egin edo ez egin. Gutxieneko baldintzak betetzen ez badira, txapelketa bertan behera gera liteke. Sarien atalari dagokionez, aipatu 6.000 euro banatuko dituztela esku-dirutan eta txapeldunak “wildcard” edo gonbidapen-txartela jasoko du BWWT-ko proba batean parte hartzeko.
Antolakuntzakoek jendearentzat eta hedabideentzat telefono zenbaki bat ipini dute, 944 614 474, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, txapelketa egingo den egunari buruzko informazioa emateko. Horren deialdia bi egun lehenago egingo da, eguraldiaren iragarpenaren arabera. Txapelketari buruzko informazio guztia honako web hauetan: www.getxosurf.es, www.euskalsurf.com eta www.3sesenta.tv.