Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, Itsasondoko
Xabier Zeberio Zubeldia "Zeberio I" eta Markinako Larruskain auzoko
Gregorio Larrañaga Mandiola "Mañukorta" bertsolariek euren eskarmentu handia erakusteko aukera izango dute gaur, ostirala, Algortan. Hamargarren Bihotza Gazte bertso-festaren osagai nagusiak izango dira bi bertsolari beteranoak, baina inondik inora ez dira osagai bakarrak izango. Iluntzeko 8:00etatik aurrera, musika giro ederra izango da Kupela taldeak jarrita. Aurreko urteotan ez bezala, Piper's taberna irlandarrak beharrean Kasinoak hartuko du Bihotza Gazte saioa. Bertso eskolako kideek azaldu dutenez, "bertsolaritza plazatik tabernara dakarren saioa dugu, lehengo bertsolaritzaren isla, alegia; bertsolaria eta bertsozalea gerturatzen dituena. Tabernako bertsolarien antzean, librean aritzen dira, gairik gabe". Sarrera doakoa izango da. Argazkian, Mañukorta Algortako jaietan.