Euskararen jendarte mugimendua indartzera doa Topagunea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 18a, 00:50

Topaguneak eta euskaldunon elkarteen mugimendua osatzen duten 96 elkarteek, hiru urteko hausnarketari amaiera eman diote gaur Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu duten bigarren Kongresuan, “Federaziotik Mugimendura” lelopean. Hausnarketa prozesua 2010 urtean hasi zen eta azken hilabeteetan mugimenduaren antolakuntza, finantzazioa, barne komunikazioa eta jardunari lotutako gaiak landu dituzte Euskal Herri osoko hainbat elkartek. Gaur bukatutzat eman da prozesua Zuzendaritzak proposatutako ponentzia eta ondorioei Kongresura bertaratuek egindako bozketa dela medio. Leioako Berbalamiñe, Erandioko Berbots, Getxo udalerriko Bizarra Lepoan eta Egizu zein eskualdeko Ukberri elkarteak izan dira eskualdeko ordezkaritza bertan, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera. Argazkian, Mikel Irizar Topaguneko presidentea gonbitea luzatzen erakunde publiko eta gizarte eragileetako ordezkariei, euskalgintzaren aro berria elkarlanean abiatzeko / cc-by-nc Topagunea.

Bozketaren ondoren, ekitaldi publikoa egin du Topaguneak, euskalgintzako zein erakunde publikoetako hainbat ordezkariren presentziaz. Topagunearen presidente Mikel Irizarrek azaldu duenez, hausnarketa prozesuak gertu utzi du Topagunea euskalgintzaren aro berri bati ekiteko. Bide batez, Topaguneak gonbidapena luzatu die euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei ziklo berri horren oinarriak elkarrekin jartzeko.

30 urteko ziklo bat amaitu eta beste bati ekin

Irizarrek azaldu duenez, 30 urteko ziklo bat amaitu berri da euskalgintzan, eta lorpen handiekin batera, goia jo izanaren sentsazioa ere utzi du mugarri horrek. Ikusi besterik ez dago berrikuntza eta hausnarketa beharra nola dabilen euskalgintzako eragileen artean han-hemenka.

Horrek, eta jarduera askoren biziraupena bera kolokan jarri duen krisi ekonomikoak, ziklo berri bati indartsu ekiteko beharra ekarri du. Ziklo berri horretan eragin handia izango du aro politiko berriak, lankidetzarako aukera handiak zabaltzen baititu herri erakunde eta gizarte eragileen artean, iraganeko botere-kontrabotere dialektika gaindituta.

Ziklo berri horren hezurdura plangintza potente bat izatea proposatzen du Topaguneak, eta giharra berriz euskalgintza berri bat, gizartean eta erakundeetan ondo txertatua eta bi esparruen arteko lankidetza sustatuko duena. Bihotzean, azkenik, euskal hiztuna kokatu du Topaguneak, ahalmendua, jantzia, antolatua eta ekintzailea, euskara bizipozez biziko duena agoniatik urrun.

Topagunea, ekiteko prest

Hiru urteko ibilbidearen ondoren, Topagunea ziklo berri horri ekiteko gertu eta gogotsu dagoela adierazi du Mikel Irizarrek, eta euskaltzaleak, gizarte eragileak zein erakundeak animatu ditu elkarlanean jarduteko, ziklo horren oinarriak zehazte aldera. "Ekitaldian omendu dugun Txepetxek etorkizuna eskatzen zuen gure iraganarentzat, eta Topagunetik azpimarratu nahi dugu indarrak batzea eta elkarlana gakoak direla euskarari etorkizun hori emateko".

Ekitaldiari eta hausnarketa prozesuari amaiera emateko, Topaguneko kideek bazkaria egin dute Bilboko Kafe Antzokian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun