Bestalde, azaroaren 24ean, larunbatean, Gasteizeko Artiumean egingo den Beldur Barik Topaketara joan nahi dutenentzat autobusak izango dira Bilbotik; eta Getxoko Berdintasuneko Zerbitzua joan nahi duten adin gabeen baimenak gestionatuko ditu. Jardunaldi horretan aurtengo edizioaren sariak banatuko dituzte. Horretarako Gauegun gaztelekuan egindako bideo bat aurkeztu da, baita gazte getxoztar talde batek egindako beste bat ere.
Puntu lila iraunkorra
Udalak herritarren artean puntu lila agertaraztea bultzatuko du, emakumeek jasaten duten indarkeria gaitzespen moduan, Aurtengo berritasuna, Berdintasun Batzordeak proposatuta, puntu lila bat pintatuko dute Bizkaia Zubiko plazan, “han era iraunkorrean geratuko dena. Indarkeriaren kontrako gune sinboliko bihurtuko da hor”, adierazi zuen Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak, joan den osteguneko prentsaurrekoan. Gainera, Udalak puntua edukiko duten mila binilo banatuko ditu udalerriko komertzio eta dendaren artean eta beste mila gehiago paperean ere aterako ditu, nahi duenak HABetan, Kultur Aretoetan eta Udaleko Berdintasuneko Zerbitzuan eta baita udal web gunean (www.getxo.net) ere eskuratzeko. Udalak auzokideak animatu nahi ditu puntua leihoetan eta toki ikusgarrietan ipintzeko.
Ekitaldien helburua emakumezkoek pairatzen dituzten erasoak gaitzestea eta hausnarketa egitea da, baita “emakumeek jasaten duten edozein indarkeri motaren aurrean herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea, gizarte lakra hori ikustaraztea eta aldi berean antolatutako jardueretan parte hartzera animatzea ere” azaldu zuen Eigurenek. Kanpaina EUDEL euskal udalerrien elkartearen Berdinsareak antolatutako jarduerekin batera eramango da aurrera, eta horien artean, Beldur Barik programa nabarmentzen da (udalerriko zortzi metro geltokietan iragarrita).