Boto elektronikoa emateko, behin betiko erroldan egoteaz gain, unibertsitateko kideek aurkeztu beharko dute arautegian aipatzen diren identifikazio dokumentuetako bat, hala nola: herritarraren txartela (Eusko Jaurlaritzak emana); CERES Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiria; eta NAN elektronikoa. Bestalde, aurreko dokumentuak ez dauzkaten pertsonei Euskal Herriko Unibertsitateak pasahitza eman diezaieke botoa emateko aplikaziora sartzeko. Azkenik, irakasleek, ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek EHUko txartela ere erabili ahal izango dute.
Sistema elektronikoarekin botoa eman daiteke Internetera konektatuta dagoen edozein ordenagailutatik, boto sekretua bermatzen duen enkriptazio sistema baten bidez. Sistemaren eraginkortasuna frogatuta geratu da unibertsitateko beste hauteskunde batzuetan eta munduko hainbat herrialdetako hauteskunde politikoetan erabiltzen den berbera da. Zehazki, Estatu Batuetan sei hauteskunde barrutik (sei konderritik) batean sistema hauxe erabili da presidentea aukeratzeko hauteskunde bukatu berrietan.
Aipatu den bezala, boto elektronikoa azaroaren 19tik 28ra bitartean eman ahal izango da; botoa aldez aurretik emateko epea, berriz, hilaren 26tik 30era bitartekoa izango da. Botazio formalaren eguna abenduaren 4an izango da, goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00etara arte.
Hauteskunde prozesua
Iñaki Goirizelaia egungo errektorea hautagai bakarra denez, aldeko botoa edo boto zuria besterik ezin izango da eman. Hautetsia izateko, nahikoa izango da emandako botoen herena lortzea, egin beharreko haztapenak eginda. Hauteskundeen behin betiko emaitzak abenduaren 17an aldarrikatuko dira, inpugnazioetarako epea behin amaitu ondoren.
Hauteskunde sistema honetan botoak haztatu egiten dira: emaitzak ez dira banan banako boto kopuruaren araberakoak, unibertsitatean bost hauteskunde talde baitaude eta talde bakoitzari botoaren balio osoaren ehuneko bat dagokiolako: irakasle doktore iraunkorrek, %56,25; irakasle iraunkor ez-doktoreek, %7,50; gainerako irakasle eta ikertzaileak, %2,09; ikasleek %22,08; eta, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileek %12,08.