Zinegotzien kontrako "irainak ez saihestea" egotzi dio PPk Sopelako alkateari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 19a, 21:37

Joan den osteguneko udal osoko bilkuran, "erradikal talde batek zinegotzioi iraintzen eta oihukatzen" ibili zela salatu du ohar bidez Berta Rodriguez Sopelako PPren ordezkari bakarrak, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Egun horretan jarri behar izan zuten Espainiako bandera udaletxean, epaileak emandako epea betetzen baitzen. "Ontzat hartzen ez duten legea bete behar izateagatik amorratuta daude eta, errespetatu beharrean, aurrean jartzen zaien guztiak iraintzen ibiltzen dira", adierazi du popularrak. Are gehiago, "guzti hori ez saihestea" egotzi dio Rodriguezek Saioa Villanueva Bilduren alkateari, "istiluak eragotzi beharrean, aipatu taldearen kontra neurririk hartu ez baitzuen, ezta aretoa hustea eskatu ere". Txisturen bat eta oihu gutxi batzuk baino ez ziren entzun PPren zein PSE-EEren ordezkariak hitz egiten ari zirela; baita EAJk mozioari ezezkoa eman zionean ere. Eta azken horrek, Teresa Fernandezek, aretoan zeudenak ez isiltzekotan "polizia sartzea" eskatu bazuen ere, gorabeherak ez ziren gehiagora heldu. Argazkian, Berta Rodriguez PPren zinegotzia.

Horretaz gain, Espainiako bandera "ikusgarritasun gutxiko toki estrategikoan jartzea" ere egotzi die Bildukoei Sopelako PPk. Rodriguezen arabera, "Legeak behartuta jartzen dute bandera, baina ahal duten guztia egiten dute ezkutatzeko".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun