Bizkaian akreditatuta dagoen Gorputz Kontsularreko berrogei bat kidek Erandioko Asuan dagoen Befesa enpresaren instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean. Aipatu bisita Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Bilboko Merkataritza Ganberako ordezkaritza batek lagunduta egin dute. Befesa nazioarteko konpainia da, industria-hondakinen kudeaketa integralean espezializatuta dagoena. Erandion izan aurretik, kontsulei urtero burutzen den harrera ofiziala egin die Jose Luis Bilbaok Bilbon dagoen Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian. Ahaldun nagusiak eskertu die kontsulei beste herrialde batzuekiko harremanak sustatzeko egiten duten lan "garrantzitsua", eta, horrez gainera, ahaleginak bateratzera animatu ditu, "beste merkatu batzuen interesa Bizkaira erakartzeko eta inbertsioa egiteko gune erakargarri bihur gaitezen lortzeko". Argazkian, harrera ofizialeko irudi bat / © Bizkaiko Foru Aldundia.