Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate (Alternatiba): "Israelgo gobernua, bakearen etsai"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 20a, 23:42

Israelgo Gobernuak joan den astean abiatutako ekintza bortitzen gorakadak dozenaka lagun erail ditu dagoeneko, palestinarrak batez ere, eta are okerragoa izateko arriskua ere badago ejertzito israeldarrak lurreko inbasioaren mehatxua gauzatuz gero. Egunetik egunera gauzagarriagoa dirudi erasoa, milaka erreserbista prestatzen ari baitira aukera horri begira. Horrela ez bada, 2008ko sarraskiak errepika daitezke, Berun Urtua operazioak 1.300 hildako eragin zituenean, bonbardaketa masiboak eta Gaza lurretik inbaditu zuen ejertzitoaren eskutik. Biktima horietatik, 10etik 8 Nazioarteko Zuzenbideak “babestutako pertsona” gisa definitzen dituen zibilak ziren. Argazkian, 2009ko urtarrilean Algortan egindako manifestazioa.

Ugariak dira indarkeria sorta berri hau azaltzeko analistek eskaintzen dituzten arrazoiak, deskolonizazioaren garaitik historian luzatu eta konponbiderik gabekoa dirudien gatazkaren baitan. Esaten da, 2008an bezala, Israelen hauteskundeak hurbiltzean gobernu sionistek palestinar herritarren aurkako eraso berriak egiten dituztela, Israelgo herritarren defentsarekiko duten konpromisoa azpimarratu nahian. Hala, soziala eta zuzenbidekoa izateari utzi dion estatuaren norabide teokratikoarekin aspertuta dauden herritarren aurrean, gobernuak indarkeria darabil gizartea diziplinatzeko. “Edo nirekin edo Israel suntsitu nahi dutenekin” diotela ematen du.

Horrez gain, gorakada berriaren beste arrazoietako bat Nazio Batuen Erakundeak Palestina estatu gisa aitortzeko aukera izan daitekeela aipatu izan da, Israel kontra duen egitasmoa. Era berean, eremu hartan sortzen ari den indar oreka berriarekin kezkatuta daude, Mubarakekin ez bezala, ez dirudielako egungo Egipto prest dagoenik israeldarren eta estatubatuarren interesei men egiteko.

Horrela, lehenengo eta behin, indarkeria eta gatazka areagotuz, bere herritarrak kontrolatzen ditu; bigarrenik, Palestina estatu burujabe gisa onartzeko prozesua hautsi nahi dute, haien okupazioarekin bateraezina delako eta erasotzaileak izan arren beren burua biktima gisa aurkezten dutelako; azkenik, indarra erakutsi nahi dute eskualde hartan, herri arabiarrak, Egipto bereziki, haien kokapena zehaztera behartuz.

Su etena emanda ere, inork ez du bermatzen datozen asteetan, edo hilabete gutxi barru, milaka lagun sakrifikatuko ez dituztenik gobernu ultraeskuindar baten interes geopolitikoak direla medio. Israelgo gobernuak ez du bakea nahi, ez du elkar ulermena bilatzen, gatazka behar du gatazkatik bizi delako, desberdinen arteko gatazka noski, bere burua indartzeko erabiltzen duena.

Baina guzti hau Nazioartearen babesarekin egiten du, eta hortik dator irtenbide gauzagarri bakarra. Erasotzailearen konplize izatetik, borrokan ari diren aurkarien aurrean balizko ikusle hutsaren papera antzeztu beharrean, nazioarteak onartu behar du porrot egin duen deskolonizazio prozesu baten aurrean gaudela; aldeetako bat bestea baino askoz indartsuagoa dela aitortu behar du, eta indar horrekin Palestinako herritarrak banan-banan hiltzen dituela, apartheid prozesu bortitza eta sistematikoa dela medio; nazioarteko legeak bete egin behar direla gogorarazi behar du, eta Israelek urratu egin dituela estatu gisa aldarrikatu zenetik, inolako zigorrik jaso gabe.

Horregatik, hitzetik ekintzetara pasa beharra dago, hala ez bada, konplize izaten jarraituko dugu. Israelgo inbertsio eta produktuen gaineko boikota ezarri beharra dago bakearekin konprometitu arte; nazioarteko legeak urratzen dituen estatuari zigorrak ezarri behar zaizkio; eta ekidin behar da, eskura dauden bitarteko guztiekin, Gazako lurraldearen kontrako erasoa.

Palestinan, bakeak eta demokraziak indarkeriari aurre egin behar diote. Noren alde kokatuko da oraingoan Nazioartea?

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate / Alternatibako Mahai Internazionalista
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun