Borobil Teatro antzerki talde nafarrak "Ali Baba eta 40 lapurrak" haurrentzako antzezlana aurkeztuko du igande honetan, azaroak 25, Kultur Leioa aretoko auditoriumean, 18:00etan. Sarrerak bost euro balio du, aretoaren arduradun
Leioako Udalak jakinarazi duenez. Ali Baba eta 40 lapurren ipuin tradizionalean oinarrituta, Borobil talde nafarrak egokitzapen "bizi eta soila" lortu du "Ali Baba eta 40 lapurrak" antzezlanean, haurren gozamenerako. Argiztapen, musika eta koreografia bikainez lagundurik, hiru aktore protagonistek Ali Babaren istorioa kontatzen dute. Hain zuzen ere, Ali Baba egurketari persiarra da, eta altxor handia aurkitu du haitzulo baten barruan. Baina altxorra 40 lapurrez osaturiko talde batena da, eta ez dute Ali Babaren anaia Kassimen aberastasun-gosea barkatuko, urrez betetako zakuak eramaten ari dela jakiten dutenean. Lapurren haserretik ihes egiteko eta, bide batez, bere familia eta lagunak babesteko, Ali Babak abentura itzelak biziko ditu, eta horiek guztia ikusi ahal izango dira Kultur Leioako eszenatokian, 50 minutuko iraupena duen antzezlanean. Argazkia: ©
Kultur Leioa.