Horiekin guztiekin, honako ekintzak burutuko dira:
- Land Art instalazioa. Hondakin organikoekin Jauregizar plazaren zenbait berdegune kolonizatzea, materialen aldaketa prozesuetan oinarritutako instalazio baten bitartez.
- Eskulangintza tailerra. Plaza osatzen duten zenbait elementuren eraldaketa, hondakin organikoak eta hauekin sortutako apaingarriak erabiliz.
- Jolas zirkuitua. Hondakinak erabiliz hainbat jolas egingo dira (adibidez, egurrezko boloak).
- Gainera, plaza girotzeko asmoz musika egongo da, eta gero txokolatada egingo da auzokide guztientzat.
Azaroaren 26an, hitzaldia
Bestalde, azaroaren 26an, astelehena, Tokiko Agenda 21ean parte hartzen ari diren Iberreko eta Ander Deuna ikastolako ikasleentzat hitzaldia antolatu dute Udalak eta Ekogunek. Bere izenburua “Zabor-Mendiaren aholku jakintsuak ikasten” izango da, eta bertan Jim Henson-ek sortu zuen “Fraggle Rock” telesailaren Zabor-Mendiak hainbat aholku emango ditu. Gainera, hainbat galdera ireki azaleratuko ditu: Zer da guretzat zaborra? Nola sortzen dugu? Zer nolako harremana dugu berarekin?