Hekimen euskal komunikabideen elkartea jaio da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 22a, 01:55

Euskal Herri osoko herri ekimeneko 55 komunikabide euskaldunek Hekimen elkartea sortu zuten atzo, bi urteko harremanen ostean. Donostiako Koldo Mitxelenan egindako agerraldian, Iban Arantzabal Tokikom tokiko komunikabideen elkarteko kidea hautatu zuten presidente. Arantzabalen ustez, "Euskal Herri euskalduna nahi badugu komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da". Gainera, sektorea gogor kaltetzen ari den krisialdiari aurre egiteko ezinbestekotzat jo du elkarlana. Izan ere, "euskararen komunikazio esparrua txikia, ahula eta hauskorra dela badakigu. Hala ere, asko gara eta jende askorengana heltzen gara", gogoratu zuen Hekimenen ordezkariak. Arantzabalek esandakoaren erakusle dira datuak: elkartean biltzen diren komunikabideek seiehun bat langile dituzte eta ehunka mila herritarrengana heltzen dira. Horregatik, "ahots bateratua izatea" garrantzitsua dela azpimarratu dute. Hekimenen Zuzendaritza zortzi kide osatu dute: "Argia" astekaria, "Berria" egunkaria, Ipar Euskal Herriko lau irratiak batzen dituen Euskal Irratiak, "Gaur 8" astekaria, "Gazteberri" aldizkaria, Hamaika Telebista, Xaloa telebista eta Tokikom, tokiko komunikabide euskaldun gehienak batzen dituen erakundea, tartean "Uk" aldizkaria eta Ukberri.net. Argazkian, Hekimenen aurkezpena Donostian / © Dani Blanco - Argia.com.

Hekimenen sorrera agiria

Hekimen sortu da, euskal hedabideen elkartea

Hekimen elkartea aurkeztu nahi dizuegu, euskal hedabideen elkartea. Bizi genuen egoera gaitzak bultzatuta, duela bi urte harremanetan jarri ginen euskaraz dihardugun hainbat hedabide. Harrez gero, eta Gipuzkoa Berritzenen laguntzarekin, lanean aritu gara elkarrekin eta elkarte hau da haren fruitu. Jakitun gara, bakarka baino elkarrekin hobeto egingo diogu aurre bizi dugun krisi latzari.

Euskal hedabideen elkarlana bideratzera dator Hekimen, gaur eratu da eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator. Gure ezaugarri nagusiak: gure hedabideetan euskara hutsez jardutea eta publikoak ez izatea. Ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitzen ditugu gurekin bat egitera, gurekin elkarlanera. Dokumentu honen bukaeran duzue elkartea gaur-gaurkoz osatzen duten hedabideen zerrenda.

Tokikomen izenean, Iban Arantzabal da HEKIMEN elkarteko presidentea (postu hau urtero txandatuko da) eta zortzi kideko zuzendaritza izango du (gaurkoan mahaian daudenak): Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, 11amaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista.

Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara.

Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko.

Desafioak ez dira makalak. Esate baterako, egunotan ari da eratzen Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzeko asmoa dugu. Serio berba egin beharko dugu diru-laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, etab. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi genuen elkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan.

Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko.

Herri ekimeneko hedabideok gogor ari gara lanean: XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa nahi dugu. Gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatua egongo den euskal herritarra nahi dugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarritako aldaketetara egokitzen ari gara etengabe eta aurrera begira ere erronkak itzelak dira.
Horregatik, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dugu, Heimen, unibertsitateak, instituzioak, eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa jorratuko duena, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena… Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu.
Ilusioz dator Hekimen, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, berriz diogu, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako.

Hekimenen sorrera argazkitan (© Dani Blanco - Argia.com)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun