Miguelanxo Prado ere izango da Getxoko Komiki Azokan, Europa mailako autore espainiar ezagunenetako bat; laster aurkeztuko du "Ardalén" bere lan berria. Haiekin batera, Alfonso Zapicok parte hartuko du, James Joyce idazlearen bizitzan oinarritutako "Dublinés" lanagatik Komikiaren Sari Nazionala jaso berri duen egilea. Aurrez sari hori bera jaso duten beste bi autore ere izango ditugu gure artean: Max eta Santiago Valenzuela. Horiez gain, Mauro Entrialgo, Marika, Teresa Valero, Hernán Migoya, Albert Monteys, Manuel Bartual, Javier Pulido, Javier de Isusi eta beste asko ere egongo dira azokan.
Omenaldiak, erakusketak, hitzaldiak...
Azokak urtero komiki munduko profesionalei egiten dien omenaldietako protagonistak Europako komiki argitaletxe garrantzitsuenetakoa den Norma Editorial eta Ondarroako Komiki Jardunaldiak bezalako ekimenen bitartez bineta mundua sustatzen urteak daramatzan Luterl Taldea izango dira.
Erakusketei dagokienez, aurten azokaren karpan "Ardalén" bisitatzeko aukera egongo da, Miguelanxo Pradoren eleberri grafiko berriari buruzkoa; baita "Hazañas bélicas de ayer y hoy" erakusketa ere, 40ko eta 50eko hamarkadetan hain arrakastatsua izan zen eta duela gutxi Glénat argitaletxeak proiektu editorial berri batekin berreskuratu duen komiki sail mitikoa hurbilduko diguna. TMEO umore grafikoko aldizkari gasteiztar ezagunaren 25 urteko ibilbideari eskainitako erakusketa ere ikusi ahal izango da; baita azokaren aurtengo kartelaren egilea izan den Santiago Valenzuelaren erakusketa ere. Raquel Alzateren "La caja negra" (Bizkaia Zubian), Iñaketen "Old Dibuix eta nuevos" (Jai Alai Tabernan) eta Koldo Azpitarte eta Ángel Unzuetaren "Reliquias" (Glass kafetegian) erakusketek osatzen dute zerrenda.
Azkenik, azokan ez dira faltako argitaletxeen komiki nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta proiekzioak. Azken horietan bisitariek film labur ziklo anitzez gozatzeko aukera izango dute. Besteak beste, multimedia eta animazio filmak, dokumentalak eta anime ikusi ahal izango dituzte.