Getxoko Udalaren Prebentziorako Zerbitzuak, Babes Zibileko Arloaren laguntzarekin, suteak amatatzeko eta eraikina husteko teknikei buruzko prestakuntza jardunaldi bikoitza antolatu du udaletxeko langileei zuzenduta. Jardunaldi bikoitza gaur ostegunean, hilak 22, eta bihar ostiralean, hilak 23, egingo dute, udaletxearen Babes Planaren harira. Horrek eraikinaren ezaugarriak, eskura dituen baliabideak, eta abar jasotzen ditu, larrialdi egoerei aurre egiteko, udal iturriek aipatu dutenez. “Udaletxe osoa hustu behar izatekotan langileek eta une horretan eraikin barruan izan litezkeen bisitariek bete beharreko jarraibideak finkatu nahi ditugu”, adierazi du Josu Loroño Babes Zibileko zinegotziak. Horretarako, bihar, 13:30ean, eraikinaren huste-simulazioa egingo dute, Udaletxea Babesteko Planak duen ezarpen-maila ezagutu eta aurki litezkeen akatsak zuzentze aldera. Hori dela eta, sute-simulazioa egiterakoan eraikineko barrualdean dauden pertsonen zein bertan lan egiten duten 66 beharginen erabateko laguntza eskatzen dute Prebentziorako udal Zerbitzutik. Argazkian, sute-simulagailua jarri dute udaletxe aurrean / © Getxoko Udala.