Zentroaren bizitzan une esanguratsu asko egon dira: tartean, 1970-1971ko ikasturtean Irakaskuntza Zentro Kooperatiba ofizialki erregistratu zen; 1976-1977koan BBPko gelak sortu ziren eta hurrengo urteetan haurtzaindegia; 2002ko Ibilaldia eta abar. Gaur egun Haur eta Lehen Hezkuntzak, eta DBH eskaintzen ditu ikastolak, baina heziketa akademiko horretaz gain, erronka ikasleen heziketa intregrala lortzea izan da beti. Horregatik, helburuen artean euskara eta euskal kultura zabaltzea, eta inguruko ohiturei begirunea erakusten dieten gizaki sortzaile, arduratsu eta profesionalak heztea ere daude, aurrerapen teknologikoekin, kirola garatzearekin, eta abarrekin bat egiteaz gain.
San Nikolas ikastolako geletatik getxoztarren belaunaldi asko pasa dira, hurrengo hilabeteotan bai zentro barruan bai kanpoan ospatzeko antolatuko dituzten jardueretan (50 urte-50 mendi, Algortako euskal jaia, argazki erakusketak, lehiaketak, bideoak,.) parte hartu nahi izango dutenak eta Argia Ereiten sariaren partea ere sentituko direnak.