Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanik, igande honetarako, hainbat mobilizazio deitu dute eskualdeko eragile feministek. Besteak beste, Leioako
Bilgune Feministak deituta, kontzentrazioa egingo dute 13:00etan, Bulebarrean, "Emakumeon indarkeriaren aurrean, emakumeok iraultza!" lelopean. Algortan, 11:30ean jarri dute hitzordua Telletxe plazan, metroz danak elkarrekin Bilboko manifestaziora joateko. Aipatu martxa 12:30ean abiatuko da Arriagatik, A25 koordinatzaileak (Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Feministalde, Mugarik Gabe, Mundubat, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, CCOO, ELA, ESK, LAB, STEE-EILAS, Alternatiba eta Ezker Batua) eta Tribuna Feministak deituta. 15:30ean, berriz, pintxo-poteoa izango da Algortako tabernetan zehar, eta 18:00etan
zine-foruma Abian Kultur Elkartean. Bestalde, Plentzia eta Gorlizko gazte mugimenduak ere deitu du kontzentrazioa. 13:00etan batuko dira Plentziako Pirulian. Argazkian, 2011ko abenduaren 13an, Leioako Bilgune Feministak eta Andrak emakumeen elkarteak deituta, egun batzuk lehenago 10 urteko neskato batek pairatutako sexu-erasoa salatzeko elkarretaratze isila egin zuten Bulebarrean.