Aurreko urteetan, emakumeenganako indarkeriaren kontrako udal kanpaina gizonei eta etxeko gazteenei zuzenduta egon da Leioan. Aurten, herriko merkatariek ere parte hartu dute, biolentzia mota honen kontra egiteko. Guztira, Leioako 300 saltoki izan dira, Merkatarien Elkartearen laguntzarekin, Udalarekin lanean izan direnak. Elkarlan horren helburua da herriko kaleetan dauden dendak eta tabernak “gune seguru” bihurtzea, indarkeria jasaten duten emakumeentzat. "Hau da, edozein larrialditan herriko saltokietan babesa aurkituko dutela jakinaraztea, eta honetaz gain, merkatariek euren bezeroekin duten harreman estuaz baliatuz ezkutuan diren indarkeria kasu posibleak detektatzea", udal arduradunek azaldu dutenez. "Gune seguru" horiek zeintzuk diren erakusteko eta ikusgai egiteko, merkatari bakoitzak banderatxo bat jaso du saltokiaren kanpoaldean, eta barrualdean pegatina berezi batzuk dituzte larrialdi kasuetan nora deitu behar den jakiteko. Argazkian, aurrekoetan bezala, Bulebarrean egin dute gaur eguerdian emakumeenganako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea.