Horrenbestez, aldagai horiek guztiak ordezkatu eta azpimarratzen dituen komunikazio-kanpaina bizi eta eraginkorra burutuko da gaur eta abenduaren 3a bitarte. Xede horretarako, Jaurlaritzak dituen komunikabideak erabiliko dituzte: telebistaz (ETB1, ETB2 eta ETB3), irratiz (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea) eta Internetez (eitb.com) oihartzun zabala emango zaio hamar egunez. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren www.euskara.euskadi.net webgunean eta Youtube-n ere kanpainaren inguruan prestatutako bideoklip osoa jarriko da nahi duen orok ikusteko aukera izan dezan.
Kanpaina "publiko ezin zabalago bati zuzentzen zaio, euskal gizarte osoari", alegia. Euskararen aniztasuna azpimarratu nahi du euskal herritar guztien begietara, euskararen aurpegi askotarikoak, hizkera ezberdinak, egoerak eta bizipenak azaleratuz, eta eragileen presentzia zuzena izango da bertan: immigranteak, euskaldun berriak eta zaharrak, euskaldun ezagunak, anonimoak, zahar eta gazte…
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen normalizazioan eta euskararen erabileraren alde hainbat ekimen sustatu ditu, eta horren baitan kokatzen da ere Euskararen aurpegiak izeneko kanpaina hori.