Presoak, desarmea eta desmilitarizazio arloei buruz "epeak eta formulak" adosteko elkarrizketa agenda proposatu du Euskadi Ta Askatasunak, "Gara" egunkarira eta Naiz.info agerkari digitalera bidalitako agirian. "Gara"-k osorik argitaratuko du bihar ETAren dokumentua. Bitartean,
Naiz.info-k aurreratu duenez, gatazkaren ondorioen gainean baino ez du proposamenik egin erakunde armatuak. Horren arabera, hiru gai aipatu ditu: "Euskal preso eta errefuxiatu politiko guztiak etxera ekartzeko formula eta epeak; desarmerako, egitura armatuak desegiteko, eta ETAko militanteak desmobilizatzeko epe eta formulak; eta Euskal Herriaren desmilitariraziorako epe eta urratsak". ETAren ustez, gai horietan adostasuna lortzeak "konfrontazio armatuaren" amaiera dakar. Naiz.info-k argitaratutako testu zatien arabera, Madrilek zein Parisek ETAren jarreraz eta konpromezuaz "ezagupen zehatza" dute. Hori dela eta, bi gobernuen proposamenak "entzun eta aztertzeko" prest dio ETAk. Espainiako Gobernuak dagoeneko erantzun du ohiko esamolde batez: "Barne Ministerioak itxaroten duen komunikatu bakarra bandaren behin-betiko desegitearena da", azaldu diote Europa Press-i. Argazkian, ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean egindako agerraldia / © ETA.