Emakumeen aurkako indarkeria salatuko dute Itzubaltzetan horregatik epaitu arren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 25a, 16:31

Gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, eskualdeko beste hainbat tokitan bezala, manifestazioa antolatu du Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladak. Hitzordua arratseko 7etan jarri dute, Santa Eugenia plazan. Izan ere, azaroaren 25aren inguruko ekimenak pasa den ostiralean abiatu zituzten, indarkeria sexistaren inguruko film laburren emanaldia eginez. Jardunaldiak bihar, astelehena, bukatuko dituzte, Maitena Monroyk Lope de Vega kaleko kultur etxean 20:00etan emango duen "Eraso sexista bat identifikatu" izeneko hitzaldiaren bidez. Halere, abenduan ere indarkeria sexistaren inguruan luze eta zabal mintzatzeko aukera izango dute IEAko kideek. Izan ere, taldeko bi emakumek hutsegite-epaiketa izango dute abenduaren 13an Neguriko epaitegian, Algortako bere neskalagun ohia jipoitzeagatik salatutako gizon bati Getxon jendaurreko elkarretaratze baten bidez seinalatzeagatik. Irainak eta kalumniak leporatzen dizkiete IEAko kideei, gizonak gertaerak ukatu, elkarretaratzekoak salatu, bikotekide ohiaren aurkako beste salaketa bat jarri eta biek umeen gaineko akordio batean kereilak bertan behera utzi ostean. Abenduaren 12an, IEAk auziperatzea salatuko du herrian, beste manifestazio baten bidez. Taldekideek nabarmendu dutenez, "eraso sexistak salatzea denon ardura da eta ez dago eskubiderik horregatik kriminalizatuak izateko". Argazkian, pasa den ekainaren 23an Malakaten egindako elkarretaratzea.

Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladaren oharra

Haitzama musika taldeko Miguel Maria (Mikel) Leibarrek, Itzubaltzetako emakumeon asanbladako kideen aurka salaketa jarri du eta kideok epaiketaren zain daude.

Mikelek, injuriak eta kalumniak leporatzen dizkie eraso sexista baten salaketa publikoa egiteagatik. Mikel, 2012ko ekainean bere bikotekide ohia jipoitu izanagatik salatua izan zen.

Ez dugu eraso sexistarik ezta mugimendu feministaren aurkako erasorik onartuko. Kokoteraino gaude gure ekintzak justifikatu behar izateaz, eraso sexistak salatzea denon ardura da eta ez dago eskubiderik horregatik kriminalizatuak izateko.

Orain, inoiz baino gehiago, eraso sexisten aurrean gure higuina adierazi nahi dugu, IEAri (Itzubaltzetako Emakumeon Asanbladari) gure babesa eskainiz eta mugimendu feministarekin bat eginez.

Eraso honen aurrean, burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu:

• Abenduaren 12an arratsaldeko 7etan, Itzubaltzeta / Romon, Santa Eugenia plazatik abiatuko den manifestazioa.

• Abenduaren 13an eguerdiko 12etan Getxoko epaitegien aurrean kontzentrazioa epaiketak irauten duen bitartean.

Gora mugimendu feminista!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun