Jai batzordeak berak jakinarazi zuenez, iazko jaietako liburuxkan argitaratutako bi iragarkitan "'terrorismoaren goratze' ustezko delituren bat egon daitekeela uste du magistratuak". Lehenengo iragarkian, Branka kultur elkartekoan, bi auzokide preso ageri dira: Imanol Beristain, Segi gazte erakunde ilegalizatuko kide izatea leporatuta 2010eko urriaren 22an atxilotu zutena eta egun preso prebentibo gisa epaiketaren zain dagoena eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko kazetari, idazle eta presoa, Euskal Herritik urrun 15 urte baino gehiago eman dituena eta ama oso gaixorik duena. Biak ala biak "preso etarrak" dira epailearentzat. Bigarrenean, herriko txosna batzordekoan, epaileak ez du zehaztu zein izan daitekeen usteko legez kanpoko elementua. Bertan, "Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopeko bandera bat ikus daiteke. Gainera, horren egiletza jai batzordeari egozten diote, nahiz eta talde horrek ukatu duen. Auziaren aurrean, herriko koadrila, dendari, ostalari eta auzokide guztiak deitu dituzte abenduko mobilizazioetan parte hartzera.
Sumarioan agertzen den jai liburuxka Ertzaintzak bildu zuen eta Leioa eta Getxoko udalei jai batzordea eta bere ordezkaritzari buruzko datuak eskatu zizkieten. Kasualitatez edo ez, Ertzaintzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak darabilten iragarkiak Getxoko PPk iazko abuztuaren 3an prentsaren bidez lau haizeetara zabaldutako berberak dira.
Bestalde, antzeko kontua pairatzen ari dira Erandioko Altzaga auzoko Sanagustinetako jai batzordea.
Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordearen ustez, "gertatutakoak kolokan jar ditzake herriko jaiak eta orain arte herri honetan suspertu dugun jai herrikoien eredua. Izan ere, ahalegin bereziak egin beharko ditugu Inauteriak, Koadrila Eguna, abuztuko herriko jaiak edo Olentzero aurrera eramateko", aldi berean akusazioei aurre egin behar badiete. Gainera, "auziak jai batzordean ohi ditugun parte-hartzea eta pluraltasuna kaltetu ditzakeelakoan gaude", dio jai batzordeak.
Bestalde, "gure herriko denda, taberna eta eragileen adierazpen askatasunaren aurkako eraso garbia dela" uste dute. Izan ere, UKBERRI.NETi adierazi diotenez, "jai batzordeak inoiz ez dio inori esan zer jarri zezakeen eta zer ez jaiei egindako ekarpenaren truke emandako espazioan".