Sarekidek ordezkatuko du FEGEVOL Getxoko boluntariotza entitateen federazioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko aza. 26a, 19:49

Boluntariotza sustatzeko eta partaidetza eran lan egiteko helburu nagusiarekin, Sarekide, boluntariotza entitateen elkarte berria jarri da martxan gaur, Getxoko Udalaren laguntzarekin. Erakunde berria 2003an sortutako FEGEVOL federazioak azken urteotan antolakuntza mailan izandako aldaketen ondoren heldu da, egungo garaietara eta lan egiteko eretara moldatze aldera. “Izena eta irudia aldatzeaz gain, entitateekin, beste elkarte batzuekin eta gizartearekin sareak eta sinergiak osatu nahi ditugu. Antolakuntza eredu berriaren aldeko apustua egin dugu, hiru lan ardatzetan oinarrituta, hau da, ospakizunak eta heziketa, barruko lana eta komunikazioa”, azaldu du aurkezpenean Juan José Quiñones Sarekideko buruak. Bere aldetik, Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du Udalak laguntza politika indarrean mantentzen duela, jakin badakielako lan egiteko zailtasun handiak dituztela entitateek. Era berean, kolaborazioan lan egitearen esfortzua eta onurak nabarmendu ditu eta “Udaletik eskerrak ematen dizkiegu pertsona boluntarioei, beren laguntzarekin administrazio publikoak helduko ez liratekeen tokietara heltzen baikara". "Esfortzu eta elkartasun baloreak igortzen dituzuela onartu behar dugu eta zuen lana ezinbestekoa, oinarrizkoa eta ikastezina dela. Gainera Getxo solidarioaren irudia igortzen duzue”, azpimarratu du Coriak. Argazkian, Sarekide aurkezteko prentsaurrekoa / © Getxoko Udala.

Ildo horretan, 17 entitatek (500 bat boluntario) osatutako elkarteak bere berritutako web gunea martxan jarri izana ere iragarri du, www.sarekide.org helbidean. “Irudi eta eduki berriak dituen web gunea da, euskaraz eta gazteleraz, dinamikoago eta erraz erabiltzeko. Boluntariotzarako gunea dauka eta batu nahi duten pertsonentzako informazio gunea ere daude”, azaldu du Olaia Martin elkarteko Komunikazio arduradunak.

Boluntariotza XIX. Topaketak

Sarekide elkartea Getxoko Boluntariotza XIX.Topaketen antolakuntzaz ere arduratuko da: abenduaren 3an, astelehenean, 19:00etatik aurrera ospatuko dira, Algortako Fadura kiroldegiko batzar aretoan. Oraingoan, eta garai berrietara egokitzeko, ekimena jai giroan ospatuko da, Getxoko Utopia antzerki taldearen eskutik. Amaitutakoan, urteko pertsonari eta elkarteri saria emango zaie, edizio bakoitzean beraien lanari eta dedikazioari eskainitako lana onartuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun