Adin eta gustu askotarako ekimenak prestatu dituzte Udalak eta Euskara Zerbitzuak, "euskarak ere adin eta eremu guztietara hedatu behar delako; euskara Sopela osoaren altxorra delako!", adierazi dutenez. Sopelako Euskararen Astea, beraz, azaroaren 28an hasiko da, eta lehen jarduera ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Kurtzio Kultur Etxean "Uribe Kosta lehen, orain eta gero" mahai-ingurua izango da, 19:30etik aurrera, eta Fredi Paya bertsolari ezaguna izango da dinamizatzailea. Bertan, Gotzon Elortza zenaren dokumentala izango da ikusgai, eta horren inguruko gogoeta egin ahal izango dute bertaratzen direnek: nolakoa zen Uribe Kosta lehen, nolakoa da egungo eskualdea, zer nolako Uribe Kosta gura dugun... Hurrengo egunean, luxuzko beste hizlari bat izango da Sopelan: Gotzon Barandiaran idazleak "Katamalo" poema liburuari buruzko solasalditxoa eskainiko du Kurtzio Kultur Etxean, 19:00etan. Azaroaren 30ean, euskara aretoetatik atera eta plazara eramango dute: 20:00etatik aurrera eta frontoitik hasita, bertso-poteo musikatua izango da Onintza Enbeita eta Fredi Payaren eskutik. Gainera, bertsolari biek Oxabi erromeria taldea izango dute lagun tabernaz taberna joateko. Argazkian, ekainean zendutako Gotzon Elortza errealizadore algortarraren dokumentala proiektatuko dute etzi / © Getxoko Udala.