Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, larunbat honetarako, abenduak 1, manifestaziorako deia egin du
Kontseiluak, "Euskaraz bizi nahi dugu" lelopean. "Euskaldunen euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea errespetatzearen alde egonik", Bilduk osatutako Sopelako Udal Gobernu taldeak deialdi horrekin bat egin du, herritarrei ere horretarako gonbidapena eginez. Era berean, auzokideak
www.euskarazbizinahidut.org webgunean atxikimendua ematera ere gonbidatu ditu. Eta Kontseiluak eginiko proposamenarekin bat eginez, Udal Gobernuak udaletxeko balkoian "Euskaraz bizi nahi dut" bandera jarriko du. Horrela, azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean, etxeko balkoian ikur hori jartzera animatu nahi ditu sopeloztarrak. Hori eskatzeko, lehendik aipatutako webgunera jo daiteke edota Kontseilura hots egin, 943 591 200 telefono zenbakiaren bitartez. "Urte osoan bezala, egun hauetan are gehiago, euskaraz bizitzera, euskaraz gozatzera, animatu nahi dugu. Guztiok batera lortuko dugu, pertsona bakoitzetik, taldera, taldetik udalerrira eta udalerri bakoitzetik Euskal Herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea", azaldu dute udal iturri sopeloztarrek. Argazkian, "Euskaraz bizi nahi dut" kanpainaren barruan, herri lasterketa egin zuten irailaren 22an Sopelan / ©
Sopela.net.