Getxo aldean bi herrigune berri egokituko dira, biena batuta guztira 8.400 metro koadro baino gehiago izango dituztenak, egoiliarren arteko topaketarako eta gozamenerako pentsatuta. Maidaganen, 4.008 metro koadroko azalerako eremu batean egingo dira lanak. Bertan, aisialdirako gune bat egokitzeko asmoa dago, umeentzako estaldutako 617 metro koadroko bi jolasleku izango dituena (bosna markesinako bi modulu Goñi kalearen ondoan); eta hirugarren gune bat izango da ping-pong mahaiekin eta hiri-altzariekin (paperontziak, bankuak, aulkiak, iturriak, kale-argiak...). Halaber, berdeguneak eta lorategiak atonduko dira sasoiko landareekin (1.705 metro koadroko berdegunea guztira). Zoladura ekologikoa esaten zaion horietakoa ipiniko dute, “Bilbao” erako antzeko baldosarekin, tamaina ezberdinekoa izango bada ere, eta ureztatzeko sareko kanalizazioak egingo dira. Lanak egiteko epea, guztira, 5 hilabetekoa da eta horien lizitazioaren aurrekontua 1.000.000 eurotik gorakoa. Garraio Partzuergoak 800.000 eurotik gora ipiniko ditu lanak ordaintzeko eta Udalak, bere aldetik, proiektuaren idazketa eta Partzuergoak ipinitakoaz gain jarri beharrekoa ordainduko du.
Sarrikobaso
Beste alde batetik, Udalak Sarrikobasoko 31.1 unitatea urbanizatzea aurreikusi du, non Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 63 etxebizitza eraikiko dituen. Horien ondoan, Maidaganeko jarduerarekin era koordinatuan, gune urbanizatu berria diseinatu da eta horretan 2.151 metro koadroko berdegunea izango da, espezie desberdinetako 51 zuhaitz landatuko dituztela. Guztiz irisgarria izango den aisialdirako alde berrian hiri-altzariak ipiniko dituzte: kale-argiak, bankuak eta paperontziak, besteak beste. Era berean, aparkatzeko 79 toki berri jartzea ere aurreikusten da. Sarrikobasoko 4.375 metro koadroko azalera duen unitate horren urbanizazio-jarduerak 545.000 euroko aurrekontua du.