Tere Egurrola 65 urteko emakumea eta 68 urteko bere senarra hilik aurkitu dituzte gaur Arabako Asparrena udalerriko Araia auzoko beren etxean. Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, goizeko 9:30ean bizilagun batek aurkitu du gizonaren gorpua zintzilik, eta poliziak etxera sartu direnean emakumearena ere topatu dute, bi gorpuek indarkeria zantzuak dituztela. Albiste agentzien arabera, andrea ohean zegoen, kolpe bat zuela buruan, ustez aizkorakada batek eraginda. Ertzaintzak oraindik gertaera ikertzen dabil, baina Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak baieztatu duen lehen hipotesiaren arabera, senarrak emakumea hil du, eta bere buruaz beste egin du ondoren, habe batetik urkatuz. Herrizaingo Sailak jakinarazi du emakumeak ez zuela salaketarik jarrita bikotekidearen aurka. Dagoeneko, gaitzespen ekitaldiak antolatu dituzte erakundeek. Gauzak horrela, Asparrenako Udalak elkarretaratzea deitu du gaur 18:15erako Araiako Herriko Enparantzan. Tere Egurrola aurten Euskal Herrian genero indarkeriagatik eraildako zazpigarren emakumea izanda, eskualdeko mugimendu feministak "erantzun irmoa" ematera deitu du. Besteak beste, bihar, asteazkena, 19:30ean kontzentrazioa antolatu du herriko bulebarrean Leioako Bilgune Feministak. Argazkian, Leioan izandako protesta feminista bat, artxiboko irudian.