Asteazken honetan, azaroak 28, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko unibertsitate mailako bilgunea aurkeztuko dute Leioa eta Erandioko campusean,
Herrira mugimenduak sare sozialen bidez zabaldu duenez. Hitzordua goizeko 11etan jarri dute, Irakasle Eskolako Juliana Agirrezabalaga aretoan. Ekitaldian hitza hartuko dute Amaia Esnal Herrirako eledunak eta Francisco Letamendia "Ortzi" EHUko irakasleak. Donostiako Kursaaleko agertokian egindako ekitaldiaren bitartez aurkeztu zuten otsailaren 5ean Herrira mugimendua, aurreko hilabetetan Egin Dezagun Urratsa eta Egin Dezagun Bidea plataformek azken hilabeteetan egin duten lanaren eta gogoetaren ondorioz. "Preso eta iheslarien etxeratzea ahalbidetu nahi duen taldea da Herrira. Gehiengo zabal baten nahia antolatu nahi duena. Nahi hori mobilizazio bihurtzera dator Herrira, helburua egia izan dadin lan egitera. Herritarren ahotsa eta ekintza da Herrira. Denok gara Herrira", azaldu zutenez. Ordutik, bilguneak sortuz joan dira herriz herri, baita gure eskualdean ere. Tartean, Algortan, Itzubaltzeta / Romon, Leioan, Plentzia-Gorlizen, Sopelan eta Urdulizen. Argazkian, 2009ko urriaren 22an, errepresaliatuen aldeko eguna burutu zuten Leioa eta Erandioko campusean bertako 125 bat ikaslek.