Orain dela bi urte abiatu zuen
Kontseiluak "Euskaraz bizi nahi dut" dinamika. Denbora tarte honetan hainbat ekimen egin da; besteak beste, film laburren lehiaketa, "Hizkuntzaren keinua" liburu ilustratua argitaratu... "Urte hauetan egindako lan eta harremanen ondorioz, ikusi ahal izan dugu asko garela euskaraz bizi nahi dugun herritarrak eta nahi hori, egunero, determinazioz aldarrikatu eta hori egikaritzeko saioa egiten dugunok ere asko garela", adierazi du Kontseiluak. Hala ere, "administrazioen aldetik, ez dira euskaraz bizi ahal izatea posible egingo luketen beharrezkoak diren bitartekoak jartzen eta neurriak hartzen", bere ustez. Horretarako, "abagune ezin aproposagoa" zabaltzen ari da Kontseiluaren aburuz eta "herritarrek duten euskaraz bizitzeko nahiari jaramon egin behar diote arduradun politikoek". Hori aintzat hartuz, aldarria kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak eta, ildo horretan, manifestazioa antolatu du. Larunbat honetan izango da Donostian, 17:00etan Anoeta estadiotik abiatuta. Gauzak horrela, doako autobusa jarri du
Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak. 15:00etan abiatuko dira gasolinotik, eta 20:30-21:00etan herrian bueltan izango dira. Azken tokiak baino ez dira geratzen: eman izena lehenbailehen e-mailez
berbots[abildua]gmail.com helbidean edo 630 404 171 telefono zenbakian. Argazkia: cc-by-sa
aiaraldea.com.