"Ataramiñen euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta argitaratzearekin presoak eta iheslariak herrira ekartzeko ahaleginean ari gara. Bide horretan traba eta oztopo guztien gainetik aurrera egitea baloratzen dugu, presoen eta iheslarien mundua literatura bidez birsortu eta gure artera ekarrita, guztiak etxean behar ditugula aldarrikatzeko", nabarmendu zuten atzoko aurkezpenean. Besteren artean, aurtengo "Ataramiñe’12" bildumak lan oso berezia argitaratu du, Aitor Lorenteren “Nazien heriotza zentroetako erresistentzia“, alegia. Preso ohi bilbotarrak, deportazioaz, memoriaz eta erresistentziaz arduratzen diren frantses fundazioak, gehi Frantziako Hezkunde Nazionala eta Defentsa Ministerioak antolatutako literatura lehiaketa batean parte hartu eta saritua izan zen lan horrekin. Hartara, kartzelara joan zitzaizkion saria ematera, eta berak euskal preso politikoen egoera gogorarazi zien, "II. Munduko Gerratean naziek La Sante eta Fresnes espetxeak Frantziako preso politikoak suntsitzeko erabili zituztela, gaur egunean euskal preso politikoak hor dituztela" eta egoera biak parekatu zituen. Lana frantsesez idatzi zuen, eta Ataramiñerako euskaratu egin du. Lorente 2012ko abuztuan irten zen kalera eta atzoko agerraldian idatzi horren gorabeherak azaldu zituen kazetarien aurrean.
Xabier Makazaga
Aurkezpenaren kontu bitxiena, baina, Xabier Makazaga iheslariak Bruselatik bideokonferentzia bidez bere “Sasian barna” nobelaren gainean egindako aurkezpena izan zen. Zarauztarra erbestean bizi da, eta bere egoera azaldu zuen, torturari buruzko ikerketak eta liburuak ere idatzi dituela eta nobela hau aspaldian idatzia duela, aspaldiko ikuspegiarekin idatzi ere. Denbora luzean argitaratu gabe egon dela neurri batean "hainbaten iritziz garai haietan holako kontuak kontatzerik ez zegoelako". Izan ere, nobela errealitatea eta fikzioa nahasten ditu ETAren talde klandestinoaren gorabeherak azaltzeko. Esan zuenaren arabera, "asko argitaratu da ETAko militanteei buruz, baina manipulazio asko ere egin da, kasu askotan idazleek ideiarik ere ez zutelako". Aurten Mikel Antzaren "Atzerri" nobela argitaratu dela gogorarazi eta, "borroka armatua bertan behera utzi eta gero, jende gehiagok bizi izandako esperientzien gainean idaztea" espero duela adierazi zuen Makazagak.
Ataramiñeren sortzaile eta dinamizatzaile Jon Etxeandia zenaren presentzia ere ekarri nahi izan zuten gogora. Horren haritik, Oier Gonzalezek, Ataramiñeren ekarpena nabarmentzeko, Etxeandiaren "Lapurketa" poema aipatu zuen.
"Lapurketa" (Jon Etxeandia)
Zilegitzat nuen poemak idaztea,
baina mundu hau
ez dago kontu askotarako.
Ene poemak
poliziak kendu zizkidanean
komisarioak esan zuen
el cuaderno de las chorradas
desartikulaturik zegoela
Ataramiñeren argitalpen berrien aurkezpena Bilbon (bilduma)