Abian kultur elkarteak azarorako antolatutako ekitaldien artean, ostegun honetan, hilak 29, Harrera elkartearen aurkezpena egingo dute. Hitzordua 19:30ean jarri dute Algortako Bidebarri kaleko 2. zenbakian. "Etxera itzuli ostean, errealitatea ametsen gainetik nagusitzen zaie preso eta errefuxiatu askori. Batzuetan ikasketarik gabe, gehienetan kotizaziorik gabe, ia beti lanik izan gabe, egunerokoari aurre egin behar diote. Arazo zabala eta larria da, aspaldikoa, baina horri heldu dio Harrera elkarte berriak aro berri honetan. Gizartearekin egin nahi du... eta abian da", adierazi dute sustatzaileek. Harrera Taldea "elkarte asistentziala" gisa eratu zuten apirilean, eta ekainetik guztiz legala da, bere idazkari, diruzain eta abarrekin. Baina ez hori bakarrik: lanean hasi da eta errepresaliatu ohien egoera konpontzeko hainbat emaitza lortu ditu dagoeneko. Argazkian, irailaren 28an inauguratu zuten Abian.