Tere Egurrola aurten Euskal Herrian genero indarkeriagatik eraildako zazpigarren emakumea izanda, eskualdeko mugimendu feministak "erantzun irmoa" ematera deitu du. Besteak beste, gaur, asteazkena, 19:30ean kontzentrazioa antolatu du herriko bulebarrean Leioako Bilgune Feministak. Algortako Bilgune Feministak, berriz, bihar egingo du kontzentrazioa, 19:00etan, Telletxe plazan. Tere Egurrola 65 urteko emakumea eta 68 urteko bere senarra hilik aurkitu zituzten atzo Arabako Asparrena udalerriko Araia auzoko beren etxean. Herrizaingo Sailak zabaldu zuenez, goizeko 9:30ean bizilagun batek aurkitu zuen gizonaren gorpua zintzilik, eta poliziak etxera sartu zirenean emakumearena ere topatu zuten, bi gorpuek indarkeria zantzuak zituztela. Albiste agentzien arabera, andrea ohean zegoen, kolpe bat zuela buruan, ustez aizkorakada batek eraginda. Ertzaintzak oraindik gertaera ikertzen dabil, baina Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak baieztatu zuen lehen hipotesiaren arabera, senarrak emakumea hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren, habe batetik urkatuz. Argazkian, Algortan izandako protesta feminista bat, artxiboko irudian.