Bestalde, BertsoTrikiBand musika ikuskizuna larunbat honetan, abenduak 1, 19:30ean izango da Andres Isasi Musika Eskolan, Areetan. Horretan, Eskolako Banda, Itxaso eta Xabi Paya bertsolariak eta Ruben Isasi trikitilaria arituko dira, lehenengo aldiz udalerrian eskainiko duten emanaldian. Eskolako Bandaren zuzendaria ere baden Alfontso Vilaren gidaritzapean jardungo dute. Berak prentsaurrekoan azaldu zuenez, oso desberdina eta berezia izango da beraientzat, “bertsolarirekin joko duten lehenengo aldia izango baita". "Folklorea guztiz sartuta egongo da emanaldian eta musikatik euskarara egin dezaketen ekarpena izango da”, amaitu zuen Vilak.
Berbodromoa
Egizu Getxo Euskaldun! elkartearen eskutik, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, Berbodromoaren bigarren edizioa izango da Fadurako jatetxe zaharrean. “Helburu nagusiak euskara kalera ateratzea, erabilera indartzea eta euskararen indar erakustaldia egitea dira eta horretarako jende euskalduna berbetan jarri nahi dugu, lau pertsonentzako taldetan banatuta. Aurtengo erronka 400 bat lagun biltzea izango da”, adierazi zuen Eleder Butron elkarteko dinamizatzaileak. Gaiak honako hauek izango dira: haurtzaroko gogorapenak, kontsumismoa eta teknologia berriak eta horiek sortzen dituzten harreman sozial berriak. Lau txanda izango dira: 09:00etan, 11:00etan, 17:00etan eta 19:00etan eta aurtengo berritasuna olgetodromoa izango da, euskaraz okerrago moldatzen direnentzat.