Astelehen honetan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta hori ospatzeko txikienentzako jaia antolatu du
Leioako Udalak, Kandelazubieta kiroldegian. Horrenbestez, 18:00etan Monda Lironda pailazoen ikuskizuna hasiko da, eta ondoren, 19:30ean, Erdizka Lauetan taldearekin euskal dantzak ikasi eta praktikatzeko aukera egongo da. Amaitzeko, eta hainbat dantza egin ostean indarra hartzeko, mokadutxoa eskainiko dute. Baina jai horretaz gain, Leioan beste hainbat ekintza prestatu ditu Euskara Zerbitzuak. Asteburuan zine emanaldiak izango dira: "Freddy Igeldegi" haurrentzako filma 18:30ean larunbata eta igandean (sarrera 3 euro), eta "Zuloak" filma nagusientzat 20:00etan, larunbat, igande eta astelehenean (sarrera 4 euro). Bestalde, igandean Bentazarreko Mutil Alaiak kalekantukan izando dira Leioatik. Kultur Leioan hasiko dira 12:00etan eta Euskal Etxeen plazan amaituko dute ibilbidea Bulebarra, Ikeabarri plaza eta Sakonetatik pasa ostean.