Etxetik kaleratzekoak ziren lagun batek bere buruaz beste egin du Donezteben, goizean, Juan Manuel Fernandez Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, Nafarroako Auzitegiak eman zuen gizona etxetik bidaltzeko agindua, eta gaur bertan ziren agindua ezartzekoak. Manolo Reguera 59 urteko gizonezkoa da hildakoa. Alokairuan bizi zen, bikotekidearekin, eta Justiziako iturriek esan dute 4.200 euroko zorra zeukala. 19:30ean manifestazioa egingo dute Iruñean, etxe kaleratzeen eta murrizketen kontra. Autobus geltoki zaharretik abiatuko da protesta. ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru, EHNE eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte mugimenduk antolatua zuten protesta, gaurko heriotzaren berri izan aurretik. SOS Arrazakeria, Nafarroako M15, Langabetuen Batzarra, Mugarik Gabe elkartea, Ikasle Abertzaleak, AHT Gelditu! Elkarlana, Bilgune Feminista eta Ekologistak Martxan daude deitzaileen artean. Azaroaren 9an, Barakaldon, Amaia Egaña 52 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuen, etxetik kaleratzear zirela. Argazkian, bankuak diru publikoz laguntzearen aurka LAB eta ELA sindikatuek uztailean PPk Areetan duen egoitzan egindako elkarretaratzea.