Maiatzaren 4an, Itzubaltzeta gaztetxean herriko hainbat gazte bildu ziren "herrian alternatibak sortzeko beharra" ikusten zutelako. "Egun horretan, herrian gazte esparru berri bat sortu behar zela adostu genuen. Herriko gazteok esparrua sortu aurretik, gazteon arteko harremana sendotzea garrantzitsua zela ikusi genuen. Horregatik, udan ekintza ezberdinak egin genituen: kale zinema, perkusio tailerra, slackline, malabareak, eskulanak, eta abar", azaldu dutenez. Behin guzti hori eginda, antolatzeko beharra ikusi eta, horretarako, "gazte esparru berri bat" sortu nahi dute. "Azken honetarako, Itzubaltzeta / Romoko gazte guztien partaidetza ezinbestekoa da" eta, horregatik, larunbat honetan, abenduak 1, gazte topaketak egingo dituzte herriko frontoian. Besteak beste, gosaria, eztabaida, bazkaria, jolasak eta poteo musikatua izango dira. Argazkian, hainbat lagun Itzubaltzeta gaztetxean antolatutako ekimen batean.