Larunbat eta igandean Getxoko Manga Azokak hartuko du Komiki Azokaren lekukoa eta bertan ekialdeko komikiaren inguruko hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da. Areetako Xake plazako karpan hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, lehiaketak, arte martzialen erakustaldiak eta proiekzioak izango dira. Horrezaz gain, merkatal gunea osatzen duten 30 postuetan manga nobedadeak, anime (Japoniako animazio zinea) eta merchandising objektuak erosi ahal izango dituzte bisitariek. Tarasu eta Motsukora euskal manga elkarteek antolatuta (lehen Getxoko Kultur Etxeak antolatzen zuen), azokaren egitarauak parte-hartzea du ardatz nagusia. Horrela, bada, bisitariek honako jarduera hauetan parte hartzeko aukera izango dute: tokiko eta Espainia mailako cosplay (mozorroak) eta karaoke lehiaketetan eta bideojokoen, eta Yugi Oh delako karta joko txapelketetan, besteak beste. Ordutegia 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara izango da, eta sarrerak 1,50 eurotan izango dira. Argazkian, hainbat lagun mozorrotuta Getxoko Komiki Azokako aurreko edizio batean / ©
Getxoko Kultur Etxea.