Bileran hainbat gai jorratu ziren, udal iturriek aipatu dutenez. Adibidez, Akilino Arriola kalean zamalanetarako (produktuak kargatu eta deskargatzeko) "arazoak" zeudela adierazi zuten merkatariek. Gainera, "udaltzainek zamalanetan ari diren langileei isunak jartzen dizkietela" salatu zuten, eta beraz, eremu horretan zamalanetarako eremu bat sortzea proposatu zuten. Halaber, zaborra batzeko tasa "komertzioaren zabaleraren arabera" kobratzea proposatu zuten. Udal Gobernuko kideek tasa "sortzen den zabor kopuruaren arabera" kobratzearekin ados zeudela azpimarratu zuten, baina Udalbatzak proposamen hori babestu ez zuela argitu zuten.
Komertzioak zabalik daudenean herriaren erdigunean sortzen diren "aparkatzeko zailtasunak" luze eta zabal landu ziren. Alde batetik, "aparkatzeko leku gehiago sortu" behar direla proposatu zen, "inguruko herrietako auzokideak Sopelara etor daitezen euren erosketak egitera, Uribe Kosta mailan erreferentea bihurtuz". Baina, beste alde batetik, "oinezkoen mugikortasuna bermatu" behar zela ere nabarmendu zen, "herri irisgarria eta jasangarria lortzeko asmoz". Gai horretan, parte-hartzaileek hainbat alternatiba proposatu zituzten: "denbora-tarte jakin batetik aurrera aparkatzeagatik ordaintzea (Mungiako sistema eredu hartuta), lurpeko aparkaleku bat eraikitzea, erdiguneko hainbat kale oinezkoentzat egokitzea auzokide guztientzat irisgarria izango den herria sortuz", eta abar.
"Astean behin Sopelan azokatxo bat sortzea" izan zen bileran landu zen beste gaietako bat, "Sopelako komertzio-eskaintza handituz eta beste herri batzuetako erosleak erakarriz". Hainbat merkatari proposamenaren kontra agertu ziren, euren ustez azokatxoa egun herrian dauden dendarientzat "oso negatiboa" izango litzatekeelako. Bestalde, Udalak antolatzen dituen ekimen kulturalak "herrian zehar sakabanatzea" proposatu zuten, "herri osoko dendariek onura jaso dezaten". Hainbat kaletan dauden mugikortasun arazoak ere izan zituzten hizpide.
Azkenik, laster martxan egongo den udal web orri berrian komertzioentzat atal berezi bat sortzea proposatu zuen Udal Gobernuak. Bertan, komertzioek euren oinarrizko informazioa jartzeko aukera izango dute: non dagoen, kontakturako moduak, euren eskaintza zein den, eta abar. Bertaratutakoentzat proposamena egokia izan zen, eta horretaz gain, herrian zehar "kale bakoitzean zein komertzio dauden argitzen duten seinaleak jartzea" proposatu zuten.
Parte-hartze prozesua
Prozesu parte-hartzailearen hurrengo bilera abenduaren 4an izango da, martitzena, 19:00etan Udaletxeko sarreran. Kasu honetan, Sopelako gazteriarekin izango da bilera. Auzo-bilerak, berriz, honako egunetan izango dira:
- Sopelmar: abenduak 13, 19:00, Egoitza Soziala.
- Arriatera: abenduak 14, 19:00, Egoitza Soziala.
- Sopelako erdigunea: abenduak 17, 19:00, Udaletxeko sarrera.
- Larrabasterra: abenduak 18, 19:00, Iberre Institutua.