Iragarpenen arabera, osteguneko bigarren erditik aurrera, prezipitazioak ahulagoak izango dira, eta ipar-haizeak indarra galduko du. Ostiralari, azaroaren 30ari, dagokionez, prezipitazioak goizaldean eta lehenengo orduetan bakarrik izango dira, eta eguerditik aurrera ez du euririk egingo. Ostegunean eta ostiralean, elur-kota 800-900 metro inguruan egongo da. Larunbatean hotz egingo du, baina egunaren amaierara arte ez du euririk egingo; une horretan, baliteke lehenengo prezipitazioak botatzea, fronte berria sartzean. Igandean, seguruenik egun euritsua izango dugu, ipar-mendebaldeko haize nahiko indartsuekin. Egun horretan, elur-kota igoz joango da. Egunaren hasieran 1.000 metrotan kokatuko da, eta egunaren amaieran, berriz, 1.500 metrotan.
Tenperaturak hotzak izango dira, bereziki larunbatean. Egun horretarako, gehieneko tenperatura hauek itxaroten dira: 5-10 gradu kostaldean eta 5 gradu barnealdean. Gutxieneko tenperatuak 0-5 gradu ingurukoak izango dira kostaldean eta -5 eta 0 gradu bitartekoak barnealdean. Ondorioz, izozteak sortuko dira EAEko leku askotan, eta izozte horiek nahiko handiak izan daitezke eremurik hotzenetan. Igandean tenperaturek gora egingo dute, Atlantikotik iritsiko den aire-masa berriari esker.
Datorren asteko lehenengo egunetan, seguruenik, zenbait fronte iritsiko dira Atlantikotik, nahiko indartsuak izango diren mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizeekin. Beraz, prezipitazioekin jarraituko dugu. Tenperaturak nahiko leunak izango dira astearen hasieran, baina baliteke astearen erdi aldera tenperaturek behera egitea. Euskalmetek adierazi du kontuan hartu behar dela denbora-horizontea zenbat eta luzeagoa izan, iragarpenen fidagarritasuna orduan eta txikiagoa dela. Beraz, iragarpenen eguneratzeen berri izatea gomendatu du, bere webgunearen (www.euskalmet.net) eta Twitter-en (@euskalmet) bitartez.
Azken denboralea
Bestalde, astea hasi zenetik, nabarmena denez, tenperaturek behera egin dute, eta euriteak oro har hedatu dira. Azken egunetan, gainera, karga elektriko handiko ekaitza ere izan dugu. Izan ere, Euskalmeteko neurketa sareak guztira 780 tximista erregistratu zituen EAEn asteazkenean, edo, bestela esanda, uda guztian erregistratu ziren tximisten erdia baino gehiago (uztail, abuztu eta irailean 1.447 tximista erregistratu ziren). Sortutako kalteek (argia moztea, irrati emisioak moztea) Euskalmeti berari ere erasan zioten, neurtutako tximisten artean bik Euskalmeteko instalazioetan kalteak eragin baitzituzten. Horrela, batek Deustuko (Bilbo) estazio meteorologikoko dorrean jo zuen, eta bertako tresna ugari erre zituen; besteak, aldiz, Kapilduiko radar dorrea kaltetu zuen, baina dorreak ez zion funtzionatzeari utzi eta ez zen galera nabarmenik sortu.
Tximistei buruz Euskalmetek prestatutako txostenean astearte arratsaldeko 13:00etatik ostegun goizeko 10:00etara arte izandako euriteetan Euskadin antzemandako tximisten berri eman da. Tarte horretan 801 tximista antzeman dira. Tximista positibo indartsuena 113 kA-koa (milaka anpere) izan da, eta Arabako Tuesta herritik gertu antzeman da. Tximista negatibo indartsuena, bestalde, -188 kA-koa (milaka anpere) izan da, eta Gipuzkoako Hondarribia udalerriaren alboan antzeman da. Tximista gehienak asteazkenean gertatu ziren, bereziki arratsaldean eta gauean. Erregistratutako tximista eta eurite horiei esker, Euskadiko hegoaldean eta mendebaldean orain arte jasandako lehortea bukatutzat jo daiteke. Izan ere, EAEko ibai guztietako emariak nabarmen areagotu ziren asteazkenean, gainezka egin ez bazuten ere. Horrek esan nahi du lurzoruak dagoeneko hezetasun maila altua lortu duela.