Ostiral honetan, azaroak 30, udal agintariek eta aurten 15 urte beteko duen Perualde GKEko kideek Getxo udalerriko gabon argiak biztuko dituzte, ekitaldi ofizialean. Hitzordua 18:15ean izango da, Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean. Argiak 2013ko urtarrilaren 6ra arte egongo dira biztuta, igandetik ostegunera, 18:00etatik 22:30ak arte; eta ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperatan 18:00etatik gauerdira arte. Hirugarren urtez jarraian,
Getxoko Udalak beregain hartuko ditu instalazio eta mantentze gastu guztiak, (100.000 euro alegia, iazko kopuru berbera). Aurten, argiztapenak "GetxOn!" kanpainaren "On!" marka edukiko du. 2011n jarri zen kanpaina hori martxan udalerrian, Merkataritza Mahaiak bultzatuta, udalerriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduak batu eta getxoztarren eta bisitarien aurrean identifikatzeko irudi komuna sortze aldera. Imanol Landa alkateak adierazi duenez, “bizi dugun krisialdi larriaren aurrean gure laguntza ematen diogu berriro tokiko merkataritzari. Gainera, argiztapenaren aurtengo gaiak GetxoOn marka indartu egingo du, herriko merkataritzaren eta ostalaritzaren ordezkari bezala, Gabonetan udalerriaren dinamizazio ekonomikoa laguntze aldera “. Argazkian, iazko abenduaren 5ean, Gabonetako argiak pizteko ekitaldi ofiziala egin zuten Algortan Imanol Landa alkateak, Maite Ibarbengoechea Getxo Enpresako presidenteak eta Merkataritza Mahaiko kideek / © Getxoko Udala.