Gaur iluntzean, 30 bat gizon-emakume elkartu dira Algortako Telletxe plazan, Tere Egurrola Asparrenako emakumearen ustezko erailketa salatzeko. Leioako
Bilgune Feministak deituta, atzo egin zuten kontzentrazioa Bulebarrean beste 30 bat lagunek. Algortako Bilgune Feministako kideek azaldu dute espero dutela horrelako kontzentraziorik egin behar ez izatea. Baina, berriro gertatzekotan, prentsa idatziak heriotzaren berri eman eta 24 ordutara toki berean elkartuko dira, 19:00etan, Emakumeen Mundu Martxako Euskal Herriko plataformak zehaztutako protokoloari jarraiki. Bitartean, "egunerokotasunean ere emakumeenganako indarkeriaren kontra borrokatzera" deitu dute. Tere Egurrola 65 urteko emakumea eta 68 urteko bere senarra hilik aurkitu zituzten herenegun Arabako Asparrena udalerriko Araia auzoko beren etxean. Herrizaingo Sailak zabaldu zuenez, goizeko 9:30ean bizilagun batek aurkitu zuen gizonaren gorpua zintzilik, eta poliziak etxera sartu zirenean emakumearena ere topatu zuten, bi gorpuek indarkeria zantzuak zituztela. Albiste agentzien arabera, andrea ohean zegoen, kolpe bat zuela buruan, ustez aizkorakada batek eraginda. Ertzaintzak oraindik gertaera ikertzen dabil, baina Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak baieztatu zuen lehen hipotesiaren arabera, senarrak emakumea hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren, habe batetik urkatuz.