Manifestaziorako deialdiak atxikimendu ugari jaso du. Herritarren aldetik, euskalgintzaren aldetik, herri mugimenduen aldetik, sindikatuen aldetik, udaletatik...
Eskerrak ere eman zituen Bilbaok; "lehenengo eta behin, herriz herri antolaketan ibili diren herritarrei eta Euskalgintzako lankideei. Euskal Herri osoan hainbat herritan deialdia lantzeko ekimen desberdinak egin ditu euskalgintzak eta euskaraz bizitzeko nahia hedatu dute". Deialdia zabaltzen lagundu duten guztiei ere eskerrak eman zizkien Kontseiluko idazkari nagusiak: hainbat hedabideei mezua zabaltzen egin duten ahaleginagatik, agerraldietan parte hartu duten euskaltzaleei...
Manifestazioaren ezaugarriei buruz ere hitz egin zuen Bilbaok. Larunbatean "euskaraz bizi nahi dugula esatera goaz. Gure nahi horretan harro agertuko gara eta gero eta gehiago garela adieraziko dugu", esan zuen. Manifestazioa mugimendu sozialean inflexio puntu bezala ulertzen duela Kontseiluak ere adierazi zuen. "Euskaraz bizi nahi dugun herritarrak indar hartu eta gure jardunean berraktibatzera goaz. Uste baitugu aldaketa garaia dela eta behar ditugun aldaketa horiek eman daitezen une ezin hobea dela oraingoa".
Kontseiluak euskaraz bizi nahi dugula adieraztera dei egin die herritarrei. Horretarako, manifestazioan parte hartzeaz gain, manifestazioaren bezperan sare sozialak euskaraz bizitzeko nahiaz betetzera dei egin du. Manifestazio egunean ere, herritarrei euskaraz bizitzeko nahia kartel bitartez adierazteko deialdia ere egin zuen. Horretarako ehunka kartel banatuko dira parte hartzaileen artean.
Ibilbideari dagokionez, manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Anoeta estadiotik eta Bulebarrean amaituko da. Anoetatik Madril hiribidea hartu, handik Urbieta kalera eta Okendo kaletik sartuko da Bulebarrean.
Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa ere eman du Kontseiluak. Erandion bezala, hainbat herritan manifestaziora etortzeko autobusak antolatu dira. Horien inguruko informazioa www.euskarazbizinahidut.org webgunean ikus daiteke. Autobus horiek aukera izango dute jendea Anoetan bertan uzteko eta manifestazioa amaituta Zurriolan izango dute geralekua.