Getxoko alderdiak bananduta ageri dira Euskararen Egunaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko abe. 3a, 17:59

Getxoko Udalbatza osatzen duten lau indarrek (EAJ, PP, Bildu eta PSE-EE) ez dute lortu akordiorik gaurko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Pasa den astearteko udal bilkuran eztabaidatu zen jeltzaleek data honen alde hainbat udalerritan aurkeztutako mozioa. Bertan, eleaniztasunaren defentsa, hizkuntz praktikak arautzea eta, batez ere, "euskararen sustapenaren inguruko adostasunean etengabe sakontzea" eta euskararen erabilera handitzeko oztopoak kentzea proposatu zituen Koldo Iturbe Euskararako zinegotziak, "indar politikoon artean irizpide eta sentsibilitate ezberdinak" dituztela jakinda. "Euskara inposizioa ez" dela izan behar aise botata eta "Euskadin dugun balorerik garrantzitsuena euskara" dela aldarrikatu ostean, Marisa Arruek eta PPk bat egin zuten EAJren testuarekin. Luis Almansa PSE-EEko eledunak berriz, agiria Bozeramaileen Mahaira eraman ez izana kritikatu zuen, bertan garrantzi handiagoa izango zuelakoan. Testuan ere ñabarduraren bat gogokoa ez izan arren aldeko jarrera agindu zuten sozialistek. BIldu koalizioak, ordea, jeltzaleen dokumentuan hainbat aldaketa eta puntu berri proposatu zituzten, "adierazpen hutsa" izan ez zedin. Argazkian, Maitane Nerekan (Bildu), Imanol Landa (EAJ) eta Marisa Arrue (PP) artxiboko irudi batean.

Alderdiei euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko konpromisoak hartzeko eskatu zien Bilduk, zinegotziak euskalduntzen edo euskaldunak zerrendetan aurkezten, udalerriko A ereduko ikastetxeen errealitatea aldatzen laguntzen edo baita pasa den larunbateko Kontseiluaren manifestazioan edo gaurko Berbodromoan parte hartzen. EAJren irudikoz, Bilduren aldaketek adostasuna zailtzen zuten eta, hori dela eta, ez zituzten aintzat hartu. Gauzak horrela, EAJren adierazpenak EAJ, PP eta PSE-EEren babesaz onartu zen, Bildu abstenitu egin zela.

Getxoko Udalbatzak 2012ko azaroaren 27an onartutako EAJren mozioa: "Euskararen Nazioarteko Eguna, hazilaren 3, eta erreibindikazioak"

Abenduaren 3ko Euskara Egunaren aldeko aldarrikapena

Eleaniztasunaren defentsak funtsezko du esparru publikoan garatzen diren praktika linguistikoak arautuak izatea, araurik gabe jarduteak berez laguntzen baitu hizkuntzarik indartsuena.

Arautze demokratikoa ezinbesteko gertatzen da ikuspuntu historiko aurrerakoiko hizkuntza politika garatzeko, euskararen erabilera handitzeko eta esparru berrietara zabaltzeko xedea izango duelarik.

Indar politikoon artean, irizpide eta sentsibilitate ezberdinak manten ditzakegu –eta hala gertatzen da–, baina, ezberdintasun horien gainetik, gure oinarrizko helburua da euskararen sustapenaren inguruko adostasunean etengabe sakontzea; eta adosteko xedearekin eztabaidatzeko gai garenez, gai ere bagara aurrez aurre dugun erronkari ekiteko: guk geuk –bakoitzarengan, gizarte zibileko elkarteetan eta erakundeetan errotutako inertziek eraginda– euskararen erabilera handitzeko lanean jartzen ditugun oztopoak gainditzea, azkenean bidea zabal diezaiogun hizkuntz aniztasunari.

Konpromiso honek gu guztiok hartzen gaitu, gu hiritar eta gu erakundeok, apurka-apurka hizkuntza politikak bere baitan dituen ahalmen guztiak gara ditzagun; lan hau bi ardatz nagusiren arabera bideratu beharko dugu: euskararen erabileraren aukera berriak zabaltzea, eta gaur egungoak indartzea eta aldi berrietara egokitzea; eta hiritar bakoitzaren hizkuntza aukerari zor zaion errespetuarekin, eguneroko jardunean euskararen erabilera ahalbidetzeko jarrerak eta jokaerak indartzea.

Onar dezagun, esparru honetan ere ez direla nahiko gertatzen erakundeek zuzendutako politikak. Atxikimendurik gabeko araudia, ubide lehorra bezalakoa da: zelaietaraino heltzen bada ere, ez du inoiz lurra bustiko. Egiatan, euskarak behar duen eta guk geuk onar dezakegun atxikimenduak baldintza batzuk bete beharko ditu, atxikimendu hauek, politikoak kulturalak edo sozialak izanda ere: integratzailea behar du izan, euskarak berdintzeko asmotik baino, aniztasunetik ateratzen baitu aurrera egiteko indarra. Hitz batean esanda, euskarak beharrezko du atxikitze naturala , bakoitzak euskaditarra izateko duen molde partikularrarekin bat eginda. Horixe da, beraz, bizikidetzak eskatzen digun ahalegina: euskararen erabileraren aldeko politika orekatua, erdikotasun printzipioan oinarrituta, eta muturkeriatan geratzeko tentalditik urrundua. Gure buruari zor diogu, belaunaldi berriei zor diegun moduan. Eta, hala aldarrikatzen dugu Euskararen Nazioarteko Egunean, Getxo Udaleko Osoko Bilkura honetatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun