Metro Bilbaok eta
Ahize-AEK hizkuntz aholkularitzak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna. Akordioaren xede nagusia da garraio enpresak hizkuntzak kudeatzeko sistema ezar dezan. Horrekin batera, kanpoko zein barruko harremanetan, euskararen erabilera areagotu eta dinamizatzeko plana diseinatu eta martxan jarri nahi dute. Metro Bilbaok eta AEKk urtebeteko epea hitzartu dute horretarako. Tarte horretan hizkuntza-diagnostikoa zehaztu eta hobekuntza-plana bultzatuko dira, Bikain euskara-kalitatearen oinarrizko ziurtagiriaren mailara heltzeko. Bitartean, euskara sustatzeko baliabide berriak eskainiko dizkiete langileei. Horren harira, plana "Metro Bilbaoren gizartearekiko erantzukizunarekin loturiko konpromisoetan txertatzen" dela zabaldu eta "langileen arteko zein bezeroenganako harremanetan, elebitasunean eta hizkuntzaren normalizazioan legeak eskatzen diona eta gehiago egin izan duela beti" aldarrikatu du Metro Bilbaok. Argazkian, Mertxe Mujika Balantzategi AEKko koordinatzaile nagusia eta Iñaki Etxenagusia Metro Bilbaoko zuzendari nagusia gaur sinatze ekitaldian / © Metro Bilbao.